‘Euskararen bide berriak’ goiburuarekin aurkeztu du Basauriko Udalak Euskararen egunaren bueltan antolatutako ekintza sorta. Azaroaren 27tik abenduaren 12ra bitartean, musikaz, antzerkiaz, kirolaz eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dute basauriarrek.
Azaroaren 27an, ostegunez, ‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia eskainiko dute Artunduaga frontoian Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Iker Iriarte bere botilleroak. Udalaren Euskara Atalak martxan jarritako herriko kirol taldeetan euskara sustatzeko programaren baitan dagoen ekintza da, honakoa Bidebieta Pilota Taldearekin batera kudeatutakoa. Sarrera librea eta doakoa da.
PLAYBACK HERRI LEHIAKETA, ERROTUZ DOAN EKINTZA
Azaroaren 28an, ostiralez, errotzen ari den ekitaldi jendetsua izango da Basauriko Solobarria plazan. 17:00etan hasita, IV. Playback Herri Lehiaketan herriko 8-12 urte bitarteko hainbat gazte-taldek euskarazko abestiak dantzatu eta playbackean abestuko dituzte. Aurten, bi kategoria izango dira eta sari-banaketa ekitaldiaren amaieran izango da. Izena emateko epea azaroaren 21era arte irekita dago eta euskara@basauri.eus helbide elektronikora idatzi behar da.
Playbacka bukatuta, Artedrama antzerki konpainiak eta Axut kolektiboak ‘Miñan’ antzezlana taularatuko dute Social Antzokian, 20:00etan. Goizez, euskara ikasleei zuzendutako saio itxia eskainiko dute konpainiek, aktoreen solasaldiarekin.
EGUN OSOKO PLANA: MUSIKA, GASTRONOMIA ETA JAI-GIROA
Larunbaterako, hilaren 29rako, egun osoko plana egongo da. Eguerdian hasita, 12:00etatik aurrera eta herriko kaleetan zehar, Basauriko Emoiok trikitilari taldea kalejiran ibiliko da 12:30ean, Solobarrian, ‘Txakolin eta Gazta dastaketa’ gozatzeko aukera izango dute basauriarrek. 18 urtetik gorakoei zuzendutako ekintza da eta aldez aurretik izena eman beharko da euskara@basauri.eus helbide elektronikora idatziz. Gau partean, 21:30etatik aurrera, festa giroa sortu du Oihan Vega DJak euskarazko musika saioarekin.
Azaroaren 28an, 29an eta 30ean zehar, arratsaldez, gazteei zuzendutako ‘KaleQuiz’ ekintza dinamikoa antolatu du Zirt Zartek. Hiru egun horietan, 18:30ean, gazte bulegoan bertan egon beharko dira parte hartu nahi duten gazteak.
Azaroaren 30ean, igandez, ‘Bertso garbitzailea’ ikuskizuna egongo da 12:30ean Basozelaiko Zortziko plazan. Familia osoari zuzendutako bertso-antzerki ikuskizun umoretsua da.
Abenduaren 2an, 18:30ean hasita, Udal Musika Eskolarekin eskutik, ikasleen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu. Gainera, urtero bezala, bi artista ezagunekin hitzaldi musikatuak eskainiko dituzte. Aurten, Alex Sardui (Gatibu / Exkixu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) dira artista gonbidatuak. Ikuskizuna ikusteko gonbidapenak doan dira, eta Musika eskolan eta Social Antzokian jaso daitezke antzokiaren edukiera bete arte.
TIK TOK LEHIAKETA BERRIA MARTXAN
Basauriko Udalaren Euskara Atalak, 13-16 urte bitarteko ikasleak dituzten herriko ikasketa zentroekin batera, bideo lehiaketa bat martxan jarri du. Helburua da euskararen erabilera gazteen artean sustatzeko galdera-erantzun jolas berezi bat egitea. Aurten honako galdera honi erantzunez bideoa sortuko dute parte-hartzaileek: «Nola animatuko zenituzke zure lagunak euskaraz egitera?». Bideoak 20 segundo eta minutu bat arteko iraupena izan behar du, formatu bertikalean. Originaltasuna, komunikatzeko gaitasuna eta koherentzia baloratuko dira.
Bi sari emango dira: batetik, 13-14 urte bitarteko kategorian, 150 euroko opari txartela; bestetik, 15-16 urte bitartekoan, beste 150 euroko opari txartela. Bideoak euskara@basauri.eus helbidera bidali behar dira eta parte hartzeko epea azaroaren 25ean bukatuko da. Saridunak abenduaren 3an jakinaraziko dira @basauritarrak sareen bidez.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, ekintzan laguntzaile dira Urbi eta Uribarri institutuak, Bidebieta Lanbide Heziketa zentroa, eta San Jose eta Kooperatiba Basauri ikastetxeak.
EUSKARAREN EGUNEAN, HERRIKO UMEAK KANTARI
Eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Tik Tok lehiaketaren irabazleak sareetan iragartzearekin batera, herria girotzeko ekintza antolatu du Basauriko Udalak, Danbolin Txistulari eta Kilometro Kantu elkarteekin batera. ‘Basauriko Umeak Kantari’ du izena. Ikasle gazteak, bakoitza bere auzoan, kantari aterako dira musika taldeak lagunduta.
Azkenik, txano eta kapela berezien ‘Baskot Gaua’ euskal jaia ospatuko da abenduaren 12an, ostiralez, Basaurin. Bolintxu AEK-k urtez urte kudeatutako ekintza irekia da, eta ohi denez, ikasleak eta Berbalagun taldeak izango dira bertan. 19:30ean San Isidro plazan eta 20:30etatik aurrera San Jose ikastetxean jatekoa, edatekoa eta giro aparta sortuko dute euskara erdigune. Parte hartzeko baldintza bakarra da txano edo kapeta berezia jantzita ekartzea da. Aurtengo kapelaren gaia ‘Korrika’ da.
‘Euskararen bide berriak’ ekintza sorta egiten den bitartean, umeei zuzendutako ‘Olgetan’ programa ere martxan du Basauriko Udalak.
EGITARAUA:
Azaroak 27, osteguna
‘KIROLAREN PSIKOLOGIA’ HITZALDIA
Iñaki Artola pilotaria eta Iker Iriarte botilleroa
18:45 Artunduagako frontoia
PLAYBACK HERRI LEHIAKETA 2025
17:00 Solobarria
Azaroak 28, ostirala
MIÑAN. Antzerkia
20:00 Social Antzokia
Azaroak 29, larunbata
EMOIOK TALDEA. Basauriko trikitilari taldearekin kalejira
12:00 Herrian zehar
TXAKOLI ETA GAZTA DASTAKETA
18 urtetik gorakoei zuzenduta.
Aldez aurretik izena eman behar da: euskara@basauri.eus
12:30 Solobarria
OIHAN VEGA DJ
21:30 Solobarria
Azaroak 29, 29, 30
‘KALEQUIZ’. Gazteei zuzendutako ekintza dinamikoa
18:00 Zirt Zart Basauri
Azaroak 30, igandea
BERTSO GARBITZAILEA. Bertso-antzerki ikuskizuna familia osoarentzat
12:30 Basozelai (Zortziko plaza)
Abenduak 2, asteartea
UDAL MUSIKA ESKOLAREN EMANALDIA ETA HITZALDI MUSIKATUAK
+ Hitzaldi musikatua: Alex Sardui (Gatibu / Exkixu)
+ Hitzaldi musikatua: Maitane Iruiñ (Mirua)
18:30 Social Antzokia
Abenduak 3, asteazkena
BASAURIKO UMEAK KANTARI. BHerriko ikasleak kantari, Danbolin Txistulari eta Kilometro Kantu elkarteekin.
10:30etatik aurrera – Herrian zehar
TIK TOK LEHIAKETAREN IRABAZLEAK. Tik Tok lehiaketaren irabazleak @basauritarrak sareetan iragarriko ditugu
Abenduak 12, ostirala
BASKOT GAUA. Txano eta kapela berezien euskal jaia. San Jose ikastetxean jateko eta edatekoa, eta performancea. Aurtengo gaia: KORRIKA.
19:30 San Isidro plaza
20:30etatik aurrera – San Jose ikastetxea



