‘Euskararen bide berriak’ goiburuarekin aurkeztu du Basauriko Udalak Euskararen egunaren bueltan antolatutako ekintza sorta. Azaroaren 27tik abenduaren 16ra bitartean, musikaz, antzerkiaz eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dute basauriarrek. Adin guztietako publikoarentzako ekintzak daude egitarauan, eta informazioa ikastetxe, institutu, udal erakunde eta herriko elkarte guztietara zabaldu da, bai eta Euskara Atalarekin harremana duten establezimenduetara ere, gure kaleetara eta lau haizetara.
Azaroaren 27an, ostiralez, errotzen ari den ekitaldi jendetsua izango da Basauriko Solobarria plazan. 17:00etan hasita, V. Playback Herri Lehiaketan herriko 8-12 urte bitarteko hainbat gazte-taldek euskarazko abestiak dantzatu eta playbackean abestuko dituzte. Aurten, bi kategoria izango dira eta sari-banaketa ekitaldiaren amaieran izango da. Playbacka bukatuta, Artedrama antzerki konpainiak eta Axut kolektiboak ‘Nor naizen baneki’ antzezlana taularatuko dute Social Antzokian, 20:00etan.
Larunbaterako, hilaren 28rako, Korrontzi taldeak ‘Mundua dantzan’ ikuskizuna Basaurira ekarriko du, 20:00etan hasita Social Antzokian. Gainera, herriko dantza taldeek parte hartu dute bertan. Ikuskizuna doan da, gonbidapen bidezkoa. Gonbidapenak agortuta daude jadanik, guztiak banatu dira.
Abenduaren 2an, bi musika ekitaldi izango dira Basaurin. Batetik, goizean, 10:00etatik 11:30ak arte, Hego Uribeko Berbalagunek antolatuta, ’11 kantu eta kontu’ Jonu kantautorearen eskutik, Nuba tabernan, Solobarrian. Bestetik, arratsaldean, 18:30etatik 20:00ak bitartean, Udal musika eskolaren emanaldia eta hitzaldi musikatuak izango dira, Social Antzokian. Aurtengo artista gonbidatuak Zuriñe Hidalgo (Hesian) eta Gontzal Mendibili izango dira. Ikuskizuna doan da, gonbidapen bidezkoa. Gonbidapenak Udal Musika Eskolan eskuragarri daude, eta egunean bertan Antzokiaren leihatilan, edukiera bete arte.
Une berean, 19:00etan hasita, Basozelai Gizarte Etxean, ‘Esnatu ala hil’ liburuaren inguruko solasaldia antolatu du BEAT taldeak. Garikoitz Goikoetxea kazetariak eta Iñaki Iurrebaso soziolinguistak egindako euskararen bilakaera aztertzen duen saiakera da. Egileetako bat solasaldian bertan izango da.
Eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, herria girotzeko ekintza antolatu du Basauriko Udalak, Danbolin Txistulari eta Kilometro Kantu elkarteekin batera. ‘Basauriko Umeak Kantari’ du izena. Lehen Hezkuntzako ikasleak, bakoitza bere auzoan, kantari aterako dira musika taldeak lagunduta.
Arratsaldean izango da aurtengo hitzordu berri eta garrantzitsuenetako bat, 19:00etan Social Antzokian: “Basauriko Euskara Saria” emateko ekitaldia. Sari horrek aitortza egin nahi dio euskararen erabilera babestu, sustatu edo zabaltzeko lanean nabarmendu den erakunde, elkarte edo pertsona fisiko zein juridiko bati. Urteetan zehar egindako lana aitortuko da, ekitaldi garrantzitsua izango da Udalarentzat eta herriarentzat; horregatik, deialdi berezia egin nahi diegu aurten herritar euskaldun eta euskaltzaleei “Basauriko Euskara Saria” emateko ekitaldira etortzeko . Gonbidapenak doan dira eta Antzokiaren leihatilan eta webgunean eskuragarri daude. Lehen edizioan Getari Etxegarai eta Ugaitz Alegria aktoreek aurkezle lanak egingo dituzte. Hamasei proposamen jaso dira, epaimahaiak aztertu eta erabakia hartu du eta egunean bertan jakingo da zeinek jasoko duen saria. Ekitaldiak ordubete labur iraungo du eta dantza, musika eta omenaldi bat izango ditu. Zirt Zart gazte bulegoak ‘Euskararen erruleta’ dinamika sortu du: abenduaren 3an, egun osoan zehar, bulegoan bertan ideak jasoko ditu eta hilaren 5ean, 17:30ean, topaketa eta merendola egingo ditu.
Azkenik, bi ekitaldik osatuko dute egitaraua: batetik, abenduaren 11an, ostiralez, BEAT Basozelaiko Euskararen Aldeko Taldeak bere 5. urteurrena ospatuko du 19:00etan Axular kalean duten lokalean. Bestetik, hilaren 16an, asteazkenez, Ibaigane Kultur Etxean 17:00etatik 18:30etara, Laura Penagos Rodríguezek hizkuntzaren bidez izatearen edertasunari buruzko ‘Aberri espirituala’ hitzaldia eskainiko du, Basauriko Zurrumurruen Aurkako Estrategiak antolatuta.
EGITARAUA
Azaroak 27, ostirala
V. PLAYBACK HERRI LEHIAKETA
17:00 Solobarria
NOR NAIZEN BANEKI. Antzerkia
20:00 Social Antzokia
Azaroak 28, larunbata
KORRONTZI: ‘MUNDUA DANTZAN’. Basauriko dantza taldeekin batera
20:00 Social Antzokia. Gonbidapen bidez
Abenduak 2, asteazkena
11 KANTU ETA KONTU. Jonu kantautorearekin
10:00 – 11:30 Nuba taberna
UDAL MUSIKA ESKOLAREN EMANALDIA ETA HITZALDI MUSIKATUAK
+ Hitzaldi musikatua: Zuriñe Hidalgo (Hesian)
+ Hitzaldi musikatua: Gontzal Mendibil
18:30 Social Antzokia
ESNATU ALA HIL. Liburuaren inguruko solasaldia
19:00 Basozelai Gizarte Etxea
Abenduak 3, osteguna
BASAURIKO UMEAK KANTARI. Lehen Hezkuntzako ikasleak kantari, Danbolin Txistulari eta Kilometro Kantu elkarteekin.
10:30etatik aurrera – Herrian zehar
TXOKOLATADA
18:00 Zortzikoa plaza (Basozelai)
‘BASAURIKO EUSKARA SARIA’ EMATEKO EKITALDIA
Herriko euskararen bueltan, musika, dantza eta omenaldiak izango dituen ekitaldia
19:00-19:45 Social Antzokia. Gonbidapen bidez
Abenduak 11, ostirala
BEAT. 5. URTEURREN JAIA
18:00-20:00 Axular kalea 28
Abenduak 16, asteazkena
ABERRI ESPIRITUALA
Laura Penagos Fernández-en hitzaldia
17:00-18:30 Ibaigane Kultur Etxea




